Mugikortasunarekin lotutako jaiotza berezia prestatu dute Dunboa ikastetxean

IRUNGO HITZA
2012/12/14








                                          Dunboa ikastetxeko ikasleek egindako jaiotza

Dunboa ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleek mugikortasunarekin lotutako Gabonetako jaiotza berezia prestatu dute aurten, Agenda 21 ekimenak finkatutako ildoei jarraituz. Ia 400 haurrek parte hartu dute eta plastika irakasgaiko orduak hori osatzeko erabili dituzte ikasturte berria irailean hasi zenetik.
Idoia Rekarte ikasketa buruak azaldu duenez, haur hezkuntzako ikasleak jaiotzarako apaingarriak egin dituzte, halanola, bolak, zintzilikariak… Lehen mailako ikasleak izartxoak prestatu dituzte, eta bigarren mailakoak aldiz, abereak: txakurrak, katuak, ahateak eta ardiak.
Bigarren zikloko ikasleei dagokienez, hau da, 3. eta 4. mailakoak, etxeak eta eraikinak egin dituzte. Hala ere, ez dira jaiotzaren ohiko etxebizitzak eta eraikinak, hiri batean aurki daitezkeenak direla baizik. Bertan, Txingudi merkataritza gunea, etxe orratzak…  aurki daitezke. Horiek horrela, estalpea irudikatzeko Eiffel Dorrea egin dute ikasleek eta horren azpian, Ama Birjina, San Jose eta haurtxoa kokatu dituzte.

Hiriko jaiotza
Hirugarren zikloko 5. eta 6. mailako ikasleak pertsonaiak egiteaz arduratu dira eta euren aurpegiak itsatsi dituzte pertsonaia horietan. Halaber, mugikortasunarekin lotutako ikuspegia landu dute Dunboako ikasle helduenek eta horretarako, autoak, motorrak, patinak eta batez ere, txirrindak egin dituzte. Guzti horiek gainera, jaiotzera bidean izango balira bezala kokatu dituzte.



Iruzkinak